Skip to main content

Tokia

MOREDA

Moreda Arabako Errioxako ekialdean dagoen herri txiki bat da. Hirigune historikoak XV. eta XVI. mendeetara eramango zaitu, harlanduzko fatxadak eta armarriez apaindutako etxeengatik eta, harresia eta antzinako gotorlekuaren aztarnengatik. Santa Mariari eskainitako elizak geldialdi berezia merezi du, bai kanpoko portada platereskoagatik, baita barrualdeagatik ere. Izan ere, Arabako Errioxako "Kapera Sixtinoa" izenez ezagutzen den horretan, margolanez apaindutako hormak eta kupulak aurki ditzakegu eta erretaula nagusi barroko ikusgarria.

Mahastiz inguratuta dago herria. Olibondoak ere nabarmentzen dira paisaian, batez ere jabeek mimo handiz zaintzen dituzten ehun urtetik gora dituzten ale ugariak. Interesgarria da, halaber, olio-dolarea bisitatzea, makineria zaharra egungoaren espazio berean mantentzen baitu; beraz, bisitan, olio preziatua erauzteko egungo prozesua ez ezik, denboran zehar izan duen bilakaera ere ezagutzeko aukera izango dugu.