Leza
Arabako eta Arabako Errioxako Kuadrillako udalerri txikienetakoa da Leza. Kokaleku estrategikoan dago, eskualdeko lau gune kardinalak lotzen dituzten bideen muinean, eta historia eta tradizioa duten herrien berezko xarma mantentzen du.
Bere erreferente artistiko nagusia San Martin eliza- parrokia da, gotiko-isabeldar sarrera duena (XV. eta XVI. mendeetakoa) eta barruan, erretaula nagusi ikusgarria, estilo neoklasikokoa. El Sotillo trikuharria ere nabarmentzekoa da. Korridoreko hilobi megalitikoa da, eta haren hileta-ganbera, oinplano obalatukoa (3,30 m x 2,90 m), bederatzi lauzaz osatuta dago, batzuk 2,20 metroko altuerakoak.
Lombilla auzoan, herriaren ekialdean dagoen muino txiki batean, Lezako upategi tradizional gehienak daude. Lurrean egindako kobazuloak dira, mendeetan zehar kalitatezko ardoak egiteko balio izan zutenak. Denboraren poderioz eraikuntza moderno eta funtzionalagoek ordezkatu bazituzten ere, ez dute inoiz izaera maitagarri eta oroigarria galdu.
Leza bisitatzea esperientzia atsegina izaten da beti: bere ondarea, paisaia eta, batez ere, bere jendearen abegikortasunaz gozatzera gonbidatzen duen lekua, horixe herriak duen altxorrik handiena.